XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irribarre egin nuen eta aita zirudienak bere marfilezko hortzak erakutsi zizkidan bi lerro bikainetan, mutilak, berriz, hortzgabeko irriño tristea.

Agi zenez, elkar ulertzen hasiak ginen.

Motxilatik ia irtenda zegoen zezina puxkari heldu nionean, haien urdailak batera kizkurtu egin ziren keinu horretan ere elkarren arteko eitea ezin gordez.

Haiek nahi zutena janaria zela ziurtaturik, bada, zezina puxka motxilara itzuli nuen desinteres plantak eginez, tratua dexente onduko zelakoan.

Nigandik bostpasei metrotara eztabaidan ziharduten bitartean, basamortuan denbora ez dela neurtzen erreparatu nuen, erlojuaren beraren barruan egongo bagina bezala da, ezin izango genituzke sekula kontatu geure oinpeko haren garautxo guztiak ezta geure buru gainera, haizeak erabiliak, eroriko direnak ere.

Goseak eta inpazientziak traditurik, berriro alderatu zitzaizkidanean, ez zuten ezertan ere gizaki baten antzik, eskuak zerura altxatuta hain heiagora izugarriak egiten zituzten.

Azkenik, ezer onik ez zetorrelakoan, baietz egin nuen buruaz, tratua onartua nuela eta beraiek nire botak ukitu arte makurtu zuten dignitatea.

Jarraian, aita zenak, zeremonia haundiz, lokarria askatu eta esku ahurreko beltzunean poltsaren edukia barreiatu zuen...

Ilargitan, arroz aleen tamainako esne hortz txikiek diamante landuak ziruditen.

Ez dago esan beharrik, nik uste, nere arbasoen ondorengoak eroriak ziren degradazio mailaren berri izateak zein puntutaraino atsekabetu ninduen.

Baina zergatik tristatu? Hareak laster beteko zuen nik utzitako lekua.

Bost ordutako atsedena eta gaueko freskuraz probetxatuz abiatu nintzen Musa oasisetik Urban mesetaraino diren bost milia eskasak, eguna urratu baino lehen, zeharkatzeko asmo zuhurrarekin.